XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Ez - esan diot -. ordu honetan errekreoan egongo dituk.

- Ba! Dibertitua iruditzen al zaik errekreoa?- galdetu dit Alzestek.

- Ba!- erantzun eta nigarrez hasi naiz.

Egia esateko, azken finean, ez da hain atsegina han bakarrik egotea, ezer egin gabe eta ezkutaturik egotera behartuak, eta arrazoi nuen nik eskolara joan nahi nuenean, buruketa eta guzti, eta Alzesterekin topo egin izan ez banu orain errekreoan egongo nintzen eta kaniketara eta polizia eta lapurretara jostatzen egongo nintzatekeen eta ni oso ona naiz kaniketan.

- Zer arraio gertatzen zaik horrela marruka egoteko?- galdetu dit Alzestek.

- Hire erruagatik ezin diat polizia eta lapurretara jostatu!- esan diot.

Alzesteri ez zaio gustatu esandakoa.

- Nik ez diat eskatu jarraitzeko - esan du -, eta gainera, ezetz esan bahu, ba ni ere eskolara joan egingo ninduan.

Hirea duk errua! - A, bai?- esan diot Alzesteri, aitatxok Blédurt jaunari esaten dion moduan, aitatxori adarra jotzea asko gustatzen zaion horri.

- Bai - erantzun du Alzestek, Blédurt jaunak aitatxori erantzuten dion moduan, eta burrukan hasi gara, aitatxo eta Blédurt jauna bezala.

Burrukatzeari utzi diogunean euria hasi du, eta orduan orubera joan gara korrika, ez bait zegoen inon inolako aterperik (...).